XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

NAFAR LANGILERIAREN BURRUKAK

Azken urteotan gogor eta sutsuak izan dira, Nafarroako Langileriak erabiliak dituen gataska eta jazar-aldiak.

Euskadiko beste leku anitzetan bezala, urtez urte, langileen haserre eta burrukak gero eta biziagoak bilakatu dira.

Nafar Langileriak polliki baina elkarren segidan aitzinatu dituen arrapostuak ez dira inola ere despreziagarriak izan.

Aurtengo urtarrilean, aitzinetik hala izanen zela irudi baitzuen, lehenik Iruinean eta gero Tafaila, Lizarra, Tutera eta beste hiri batzutan ere, bertako langileak biziki oldartu zaizkie kapitaldunei; hala behar ere, zeren bestela ez baitago lorpen tikiena ere eskuratzerik.

Esan bezala, hilabete guzian, langileek beren grina, kezka eta prolemak oro plazaratu dizkigute, hortaratzen zituzten arrazoinak zelakoak ziren adieraziz.

Agitu ohi denaz, langileria gehienetan mugi arazten duten gauzak ekonomiazkoak dira.

Halabaina, langile eta pertsonak oro, gainerakoez baino, aurreneko premiez ohartzen baikara lehenik.

Beraz, oraingoan ere, gure langileria oldartzera bultzatu duten arrazoinak holakoak ukan ditugunik esan beharrik ez dago.

Beti bezala eta betiko modura, gataska guziak, fabriketan ohizkoak diren hitzarmen zahartuak berritu eta gaurkotzeko asmoz izan dira eramanak.

Denek dakikegunez, Nafar langileriak aparteko bereztasun bat daduka bere klase-burruketan: Izugarri handia da haren elkarretaratzeko gaitasuna; motibo xumeenagatik ere.

Langilegoak gelditurik ezarri dituen fabrika guzien zerrenda ematea mugagabea gerta bailekiguke, ez gatzaizkizue hemengo kontakizun guzia lantegiz lantegi azaltzen hasiko.

Ikuspegi orokor batetatik ariko gara ordea.

Orotara 20000 izan baitira nolabaiteko greba, geldi-aldietan edo bestelako ekintzetan parte hartu duten langileak, numero edo multzo eder eta kontsideragarria izan dela esan dezakegu.

Aldiz, bankuetan eta gisa hortako arloetan murritzak izan dira orain arte eramanak izan diren burrukak.

Zenbait etsenplu: Argal, Mina eta El Pamplonica, fabrikak

Aipatu entrepresa hauetan, langileek erakutsi duten postura ez da nolanahikoa izan, zeren, burrukalaritasun aldetik ahal den hein goienera igan baitira.

Berriz ere, zerbait erdiestekotan, diren gauzarik tikienak ere, burrukatu behar dela argi eta garbi frogatu digute direlako fabriketako langileek.

Batez ere, kapitalism gizonek kasurik ez eginez, langileek berek hautatu ordezkariekin mahai baten inguruan jarri eta mintzatu nahi ez dutenean; horrela, eta ez bestela, gertatu baita orain aipu ditugun arazo hauetan.

Zuzendaritzako gizonek azaldu jarrera ikusirik, langileak, beren fabriketan gelditzera eta zenbait egunez hola, haien barnean, egotera deliberatu ziren.

Holako afera guzietan derrigorrezkoa den bezala, xakurrak sartu eta irtetzera bortxatu zituzten baina.

Halarik ere Nafar langileek beren nahia erakutsi dute; hots, besteren menpean bizitzeaz aseak direla eta horrekin bukatzeko bide bat baino ez dagokeela: burruka elkartu eta azkar bat.

Derragun ere bestalde, lan gabezia zertan den Nafarroan: 5000 dira gaur egun lanik gabe daudenak Nafarroan.

Dirudienez, lanik ez hori ez da laster konponduko, zeren aditurik ukan dugunaz, eta ez dira zurru-murru hutsak, Argal eta Camelsa bi lantegiak (bion artean 1200 langile) herbestetarako omen baitira.

Latzena: lantegi hauk lekuz aldatu nahi dituztela ez kinka xarrean daudelako (aitzitik arras ongi omen dira), baina hemengo langileen zigortzearren.

Argal-go langileek Iruinean gaindi hainbat manifestazio eginik, makina bat aldiz erakutsi dute beren arrenkura norainokoa den.

Haatik, gure irudiz, Herriak ez die, behar hainbeste bederen, beharrezkoa den atxekimendu agertu; bizkitartean, hau bai dela erabateko elkartasun bat behar duten kasuetarik.

Geroxeago, aipatu fabriketako langileek erakutsi jokabideari jarraituz, Iruineko beste fabrika batzu gelditu ziren: Urtarrilaren 28an, Villanueva eta Ciganda; 29an, Camelsa eta Imausa, Comansa eta Super-tex.

Azken hauetako langileak eliza batetan sartu ziren ere.

Zenbait Alderdiren joku traketsa

Iazko udaldean, hain penagarri eta bidenabar burrukarako etsenplu bultzatzaileak izan diren Txiki, Otaegi eta Garmendia euskal iraultzaileen auziak zirela eta, Iruineko langileriak, herri gehienarekin batera, makina bat bider, bere gogo eta atxikimenduak zeinen alde zeuden ipinita garbi erakutsi zuen.

ETA, euskal erakunde sozialist iraultzaileko hiru militanteon arazoa dela medio, gure Nafarroako kontesto hontan gertatzen ari diren zenbait gauza, hein batetan bederen, argitu nahi genuke, zeren ez baita ttikia eskualde honen sektore abertzale eta ezabertzaleetan dagoen nahaspila.

Izan ere, bistan baita, zein pentsakera edo zein indar diren, langile mailan batez ere, langileriaren olde eta gataskak oro eratu eta gidatzen iharduten dutenak.

Beraz, doi bat mingarria suerta badaiteke ere, holako indarretarik bat ere mugimendu edo erakunde abertzale iraultzailerik ez dagoela erran beharrean kausitzen gara.

Hori horrela delarik, zelan esplika litezke, aspaldion herriaren aurrean behin eta berriro erabili eta astintzen zaizkigun abertzale antzeko aipamenak.

Zeren eta norenganik egotziak diren behatzen badugu, direlako taldeen egiazko izakera ikustatzea gauza erraza baita; hots, egia erran, ez ote dira bada gure musu garbian oraintsu arteino, gure herriaren nazional arazoa ukatzen edo ezkutatzen zutenok? Bai noski.

Igarriko didazuenez, ORT, MCE eta LCR deitu espainiar alderdiez ari natzaizue mintzatzen.

Aldarrikatzen duten autodeterminatze eskubidea, oportunismo zikin eta hutsa da.

Zertaz bada? galdegin liezaguke bakarren batek.

Gure irudiz behintzat, ongi baitakite direlako erakundeetako zuzendariek, orain arte ukan duten herriaren baitako nolabaiteko eragina galtzeko arriskutan daudela; herria jabeturik dagoen nahi eta interesak defendatzen saiatzen ez badira behintzat.

Langile Abertzale Batzordeak Sortu behar Nafarroan

Bistan da, nafar herri langile guztia ez dela behar bezain osoki, bere klase interesez jabetu eta konzientziatua.

Orduan, interes beraik zain eta iharraus ditzakeen estrategi iraultzaile bat aitzinatu beharra dugu; ezin bestez gainera, zeren bestenaz orainoko gisara urratua izanen baita gure mugimendu sasi-iraultzailea.

Frankotan aldarrikatzen denez, nafar langileriaren konzientziapen politikoa xume xamar bide da.

Beraz hori kontutan harturik, lehen bailehen eta jadanik gure klase-helburuak, barnean nazional arazoa nahi ta ez dagoela jakinki, defendatzen gauza den jokabide bat martxan jarri behar dugu.

Langile batzordeetan, langile mailan indar guztia eramanen duten ikuspegi eta planteamendu abertzaleak astindu eta aitzinatu behar ditugu.

Iruineko Herri Langileak kaleak harrotzen

Amnistia kontua dela edo ez dela, Iruineko Herria erabat kaleratua dagoela erran dezakegu, zeren aspalditto hontan egunoro, manifestazio bat egiten baita, gure hiriburuko karrikak, burruka zelai beroak bihurtzen direlarik.

Esan beharrik ez, zer nolakoa den ordenaren zaintzaileen portaera: betiko legera; hots, pizti eroenen antzera, egurra ematen aritzen dira.

Direlakoetarik hiru sonatuenak aipatuko ditugu, erakuspen ttiki bat bezala.

Abenduaren 11n, iazko Abenduaren 8an eta 9an prestatu eta aitzinatu burruka egunen ospagarri gisa, ondorio txarrak ukanen zituen manifestazio bat eratu zen.

Iruineko parte zaharreko San Nikolas elizaren ondoan eta manifestatzaileak aldarrika hasi bezain laster, grixen baimen eta babes guztiaz beste jende talde batzu hortxe sartu ziren.

Igartzeko erraza denez, Kristo erregearen gerrileroak besterik ez zitezkeen izan.

Hala, izugarrizko nahasketa eta zalaparta sortu zen karrika horietarik ihesi zihoazen jendeen artean ke-zartagailuak orotan lehertzen zirelarik.

Bestalde, gabon egunean arratseko 6 eta erdietan, bake eta isiltasun harrigarri batetan, bost mila pertsona bildu zituen beste agerkunde bat moldatu zen, Iruineko Karlos III.a kalean zehar.

Gobierno civilera heldurik, amnistiaren alde jendetza handi batek sinaturiko dokumentu bat eraman izan zitzaion gobernuari beronek erregeri eman ziezaion gero.

Urte berri honen bostean, bostetan ere, beste horren pareko manifestazio bat egin zen, oraikoan Gernikako Arbola eta Eusko Gudariak kantaturik.

Iruinan, Otsailaren 1ean. San Fermin Gorri. Berri-emalea.